lunes, 26 de marzo de 2012

NAFARROAKO FRACKINGAREN AURKAKO TALDE SUSTATZAILEAREN BILERA

NAFARROAKO FRACKINGAREN AURKAKO TALDE SUSTATZAILEAREN BILERA

Eguna eta ordua: 27/03/2012, 19:30etan

Lekua: CLUB MONTAÑERO DE ESTELLA - LIZARRAKO MENDIZALE ELKARTEA

Helbidea:  San Veremundo kalea 3, 1º- D - 31.200 Estella-Lizarra (Nafarroa)


GAI-ZERRENDA



(GARATZEKE)



Proposatu diren zenbait gai:



  • Bilerak egitea beste eremu batzuetako pertsona edo elkarteekin nahi balute plataformara atxiki daitezen: Iruñea, Barañáin. Orkoien, Burlada, Noain, Aoiz, Sakana, Valle de Lana, Viana, Fustiñana, Tutera, Cortes, Logroño, Arnedo…



  • Bilerak egitea beste kolektibo batzuekin nahi balute plataformara atxiki daitezen:: Ecologistas en Acción de otras zonas de Navarra, Greenpeace, Ingeniería Sin Fronteras, Colectivos progresistas de médicos y abogados, Sustraiak,…



  • Bolondresei formazioa eskaintzeko plan bat egitea, nahi izanez gero herriz herri informazioa zabaltzeko.



  • PLATAFORMAren blogaren blogerako borradorearekin adostasuna: iritziak; euskarara itzultzea; informazioa, komunikatuak, berriak etab. idazteko prest dagoen jendea …



  • ...



  • ...

ANIMATU ETA PROPOSATU GAI GEHIAGO !!!

PLATAFORMA NAVARRA ANTIFRACKING - NAFARROA FRACKING EZ plataformaren TALDE SUSTATZAILEA elkartu da 2012ko martxoaren 27an, asteartea, 19:30etan, LIZARRAKO MENDIZALE ELKARTEAN eta honako gai-zerrenda adostu du:

1) HASIERAKO PLANTEAMENDUA: MANIFESTUA

2) INFORMATZAILE TALDE BATEN BARNE-FORMAZIOA

3) NAFARROAN FRACKINGAK ERAGITEN EDO ERAGINGO DIEN BESTE HERRIETAKO JENDEA INFORMATZEKO PLANA

4) NAFARROAKO BESTE KOLEKTIBO ETA ERAGILEAK INFORMATZEKO PANA.

5) PLATAFORMAREN BLOGA

6) FRACKINGAREN ALDERDI LEGALAK

Laburtuz, ikuspuntu guztiak azaldu ondoren, bildutakoek erabaki hauek hartu zituzten adostasunez:

1) HASIERAKO PLANTEAMENDUA: MANIFESTUA

Internet bidez manifestuaren borradore bat idaztea adosten da, frackingaren aurkako beste erakunde batzuetan oinarrituz eta kontuan hartuz herri mugimendu independiente, ireki eta demokratikoa izan nahi dugula, haustura hidraulikoaren teknika erabili dadin saihestea azken helburu duena, ez Nafarroan, ez Espainian eta ez munduko beste txokotan ere. Helburu hori erdiesteko, une bakoitzak eskatzen duenaren arabera aktibismo baketsuak ohiko dituen tresna eta baliabideak erabiliko dira.

Borradorea(k) TALDE SUSTATZAILEAren hurrengo bileran aztertu eta onartuko dira.

Bestalde, elkartu garenok geure buruari PLATAFORMA NAVARRA ANTIFRACKING - NAFARROA FRACKING EZ.plataformaren TALDE SUSTATZAILEA deitzea erabaki dugu.

2) INFORMATZAILE TALDE BATEN BARNE-FORMAZIOA

Hurrengo pausuak eman aurretik, beharrezko dirudi barne-formaziorako tailer bat egitea dauzkagun material, dokumentu eta informazioa eta eskuragarri ditugunak lantzeko. Amadeus arduratuko da tailer hau prestatzeaz.

Aurrekoak ez du galarazten Frackingaren Inguruko Jardunaldi Monografikoa egitea. Bertara gure intereseko adituak ekarriko ditugu eta ate irekikoa izango da.

3) NAFARROAN FRACKINGAK ERAGITEN EDO ERAGINGO DIEN BESTE HERRIETAKO JENDEA INFORMATZEKO PLANA

Ezinbestekoa iruditzen zaigu frackingak eragiten / eragingo dien gainontzeko zonaldeetan informazioa zabaltzea etorkizunean egin nahi diren bideragarritasun azterketa / ustiaketa lanen inguruan, gurea mugimendu zabal, koordinatu eta trinkoa izan dadin.
Kontziente gara gure egungo txikitasunaz eta prozesua denboran zehar  gure ahalmenen eta zonalde bakoitzaren eskakizunen arabera moldatuz joango da.

Bertaratutakoen artean Antoniok (Mendabiakoa) apirilaren 16-21era bere herrian hitzaldi bat antolatzeko ardura hartu du bere gain. Talde Sustatzaileak hitzaldi horri beharrezko laguntza emateko konpromezua hartzen du. Horretarako, Barne-Formazioko Tailerrak gaia landu beharko du aurretiaz.

Davidek ere (Barañaingoa bera) Iruñean edo inguruetan hitzaldia antolatzeko konpromezua hartu du. Egunaren berri emango dio Barne-Formazioko Tailerrari beharrezko laguntza emateko prestaketak egin ditzan.


Era berean, informalki bileratik kanpo, Valle de Lana inguruko pertsona nabarmenak USOA proiektuaren inguruan informatzeko gestioa egingo du, hori baita inguru horri eragiten diona. Amadeus behar lezakeen laguntza osoa emateko prest agertu da.


B
ertaratu garenok, beraz, Nafarroako inguru ezberdinetan hitzaldi informatiboak sustatzen saiatuko gara.


4) NAFARROAKO BESTE KOLEKTIBO ETA ERAGILEAK INFORMATZEKO PANA.

Pentsatu dugu garrantzitsua dela, presazkoa ez bada ere, bi norantzako harremanak lantzea informazioa eta lankidetzarako. Amadeusek 2012ko Energia Jardunaldiak aipatu ditu. Bertan lankidetza izan zen martxoaren 23ko tailer batean Ingeniería Sin Fronteras Navarra taldearekin eta, AHT eta Castejóngo zentralaren gaiekin batera, Nafarroako frackinga ere aipatu zen.

Aspektu hau hurrengo bileratan lantzen jarraituko da.

5) PLATAFORMAREN BLOGA

“PLATAFORMA NAVARRA ANTIFRACKING - NAFARROA FRACKING EZ” bloga sortu dela adierazten da eta taldekideak gonbidatzen dira blogaren funtzionamenduan sortzaile izan daitezen, edo itzultzaile (euskarara / gaztelaniara).

6) FRACKINGAREN ALDERDI LEGALAK:

Txemik esaten du ezinbestekoa dela gaiaren alderdi legala sakonki ezagutzea, frackingaren bidezko bideragarritasun azterketa / ustiaketentzako dauden baimenen inguruan. Horretarako berariazko talde bat sortuko den arren, blogean informazio legal hau eskegiko da eskuragarri egon dadin.

Lantzeko gai gehiagorik ezean, batzuek pote bat hartzera joan ginen...

Akatsik edo ahazterik badago, adierazi mesedez.

domingo, 25 de marzo de 2012

Gasaren negozioa hautsi nahian


Berria.info » Papereko Edizioa » Harian

2012-03-25


Frontera Energy Corporation enpresak eskatua du baimena Nafarroan gasa ustiatzeko hiru proiektu martxan jartzeko; Lizarrako Ekologistak Martxan aurka agertu da, eta haustura hidraulikoaren arriskuaz ohartarazi du.

Edurne Elizondo Lizarra


Txemi Perez de Eulate, zutik, Lizarrako herritarrekin haustura hidraulikoari buruz egindako batzarrean. / LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Pegaso, Kimera eta Akiles. Mitologiari so egiten diote izenek, baina errealitatearekin lotuta daude, egun paperean diren egitasmo batzuk paisaian egia bilakatzen ahal dituzten proiektuak baitaude izen horien atzean; lurpean harrapatutako gasa diru bihurtzeko proiektuak. Haustura hidraulikoarekin, lurra zulatzeko aukera Nafarroara zabaldu nahi du Frontera Energy Corporation enpresak. Ekologistak Martxan-en eskutik, egitasmoaren aurka mugitzen hasi dira herritarrak.

Frontera Energy Corporationek iaz eskatu zizkion Espainiako Gobernuari baimenak, Pegaso, Akiles eta Kimera proiektuak martxan jartzeko. Industria Ministerioari dagokio baimen hori ematea, hainbat herrialderi eragiten diotelako proiektuek: Zaragozari (Espainia) eta Nafarroari Akilesek (96.961 hektarea); Huescari, Zaragozari (Espainia) eta Nafarroari Kimerak (101.000 hektarea); eta Nafarroari, Gipuzkoari eta Arabari Pegasok (102.884 hektarea).

Ikerketarako baimenak dira enpresak eskatutakoak. Sei urte iraungo lukete, eta denbora horretan zundaketak egin ahal izanen lituzke Frontera Energy Corporationek, argitzeko lur azpian gasa ote dagoen. «Ikerketarako baimena ematea, ordea, ustiatzeko baimena ematearen pareko da», salatu du Txemi Perez de Eulatek, Lizarrako Ekologistak Martxan-eko kideak.

«Ikerketa faseko zundaketen bidez egindako putzuak gasa ustiatzeko balio du gero sarri», gaineratu du talde horretako Jesus Garijok. Horregatik, haien ustez, gasa ustiatzen hasi baino lehen bilaka daiteke mehatxua errealitate. «Haustura hidraulikoak kalte handia egiten dio ingurumenari, eta arriskutsua da gizakion osasunerako ere». Proiektuek, bertzeak bertze, Urbasari eta Lokizi eraginen lieketela esan dute hango lur azpiko urei.

Gasa lurretik ateratzeko erabiltzen diren osagai kimikoek ekartzen dute arriskua. Haustura hidraulikoaren bidez, kilometro eta erdi edo bi kilometro luze den zulo bat egiten da lurrean; hodi batzuen bitartez, ura eta harea sartzen dira lurpean batetik, eta osagai kimikoak bertzetik, arbelean txertatutako gasa aterarazteko. Nahastearen zatirik handiena urak eta hareak osatzen dute, %98 alegia; osagai kimikoak, berriz, %2 dira. «Kontua da osagai kimiko horiek hagitz toxikoak izaten direla; enpresek ez dute zehazten zeintzuk diren, baina kutsatzen dituzten putzuetan gelditzen dira», erran du Garijok.


Erantzunik ez

BERRIA harremanetan jartzen saiatu da Frontera Energy Corporation enpresako arduradunekin haiek Nafarroan abiarazi nahi dituzten proiektuei buruz galdetzeko, baina ez du erantzunik jaso. Bartzelonan, 3.000 euroko kapital sozialarekin sortutako enpresa bat da Frontera Energy Corporation. Telemarketin eta aholkularitza zerbitzuak ematen zituen enpresa gisa jaio zen. Egun, Realm enpresaren menpe dago, eta Realm, aldi berean, San Leon Energy multinazionalaren esku.

Orain arte, AEB Ameriketako Estatu Batuetan garatu dira, batez ere, haustura hidraulikoarekin lotutako proiektuak. Euskal Herrian bide motza du, oraindik ere, jarduera horrek; Araban zundaketa batzuk egitekoak dira. Nafarroako proiektuek, berriz, «ezustean» harrapatu dituztela onartu dute Lizarrako ekologistek. Proiektuon eskutik, 1996an oharkabean gertatutakoa gogora ekarri dute. Gogorarazi dute urte hartan hainbat ikerketa baimen banatu zituztela Lizarra inguruan. Orduko baimenekin lotu dituzte oraingo proiektuak.

Espainiak Lokiz eta Urederra izeneko baimenak eman zituen, metanoa bilatzeko. Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi zen baimen horren jabe. 2008an, Petroleum Oil & Gas Españari eman zion enpresa horrek baimenaren zati bat (%25). Hainbat urtez berritu eta gero, 2011n bertan behera gelditu zen baimen hori. «Pentsatzekoa da emaitzak ez zirela onak izan», erran du Garijok.

Nafarroan zenbat gas egon daitekeen jakin nahiko luke Garijok. «Uste da munduko erreserbak 6.000 milioi metro kubokoak direla; Europan, Polonia eta Frantziaren gisako herrietan pilatua dago gehiena: 180 milioi inguru; Europako gainerako herri guztiek hemezortzi milioi metro kubo gas dute, eta hor sartzen gara gu. Merezi al du?».

Garijok argi du ezetz. Haren ustez, haustura hidraulikoak ingurumenean eragiten duen kaltea ez da arrazoi bakarra; gaineratu du gasa ustiatzeko sistema horrek energia eta baliabide anitz behar duela: «Bederatzi eta 29 milioi litro ur artean. Arazo bakarra ez da ur hori kutsatuta dagoela eta zati bat lur azpian gelditzen dela; kontuan hartu behar da ura baliabide urria dela, eta sistema horrek xahutu egiten duela».

«Negozioarekin nola edo hala aurrera jarraitzeko nahia baino ez du islatzen jarduera horrek», salatu du Perez de Eulatek: «Petrolioa agortzen ari da, eta gasa edonon bilatzen dute enpresek». Gasa, hain zuzen, petrolio bilakatzen dute enpresa horiek. «Gas to liquid erraten zaio horri, eta garestiagoa da», zehaztu du Garijok.

Energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute Lizarrako ekologistek. Nafarroako Gobernuari gauza bera eskatu diote. Oraingoz, Ezkerrak egindako galdera bati erantzuteko baino ez dira mintzatu Nafarroako arduradunak; mahai gainean diren proiektuak Espainiak baimendu behar dituela baino ez dute erran. Nazioartean, eztabaida martxan da. «AEBetan ikusi da sistemak eragiten duen kaltea». Hortaz, hango ingurumen agentzia txosten bat prestatzen ari da. Europan, Frantzia haustura hidraulikoaren aurka agertu da. Europak zuzentarau komun bat egin nahi du, hain zuzen. Nafarroan, lurraren ordez, negozioa hautsi nahi dute ekologistek.

sábado, 24 de marzo de 2012

Urbasan gas naturala erauz daitekeen ikertzeko baimenak eskatu dituzte

Berria.info » Papereko Edizioa » Harian

Larunbata, 2012ko martxoak 24 - 15:06
Urbasan gas naturala erauz daitekeen ikertzeko baimenak eskatu dituzte

Erredakzioa

Urbasan eta Lokiz mendilerroan gas natural ez-konbentzionalik badagoen ikertzeko probak egiteko baimena eskatua du Frontera Energy Corporation enpresak, Ekologistak Martxan taldeak azaldu duenez. Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako lur eremu zabalak hartzen ditu eskaerak. Bederatzi putzu zulatu eta haietan zundaketak egiteko baimena eskatua du. Aragoiko mugan ere, Urzainkitik Oloritzera, lur eremu zabal batean probak egiteko baimena eskatua du. Eusko Jaurlaritzak Araban, Subilla herrian, egin nahi dituen zundaketen antzekoak dira Nafarroakoak. Lur azpian egon liteken gasa erauzteko fracking edo haustura hidraulikoa erabiliko litzatekeela, eta oso kaltegarria dela ohartarazi dute ekologistek.