domingo, 25 de marzo de 2012

Gasaren negozioa hautsi nahian


Berria.info » Papereko Edizioa » Harian

2012-03-25


Frontera Energy Corporation enpresak eskatua du baimena Nafarroan gasa ustiatzeko hiru proiektu martxan jartzeko; Lizarrako Ekologistak Martxan aurka agertu da, eta haustura hidraulikoaren arriskuaz ohartarazi du.

Edurne Elizondo Lizarra


Txemi Perez de Eulate, zutik, Lizarrako herritarrekin haustura hidraulikoari buruz egindako batzarrean. / LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Pegaso, Kimera eta Akiles. Mitologiari so egiten diote izenek, baina errealitatearekin lotuta daude, egun paperean diren egitasmo batzuk paisaian egia bilakatzen ahal dituzten proiektuak baitaude izen horien atzean; lurpean harrapatutako gasa diru bihurtzeko proiektuak. Haustura hidraulikoarekin, lurra zulatzeko aukera Nafarroara zabaldu nahi du Frontera Energy Corporation enpresak. Ekologistak Martxan-en eskutik, egitasmoaren aurka mugitzen hasi dira herritarrak.

Frontera Energy Corporationek iaz eskatu zizkion Espainiako Gobernuari baimenak, Pegaso, Akiles eta Kimera proiektuak martxan jartzeko. Industria Ministerioari dagokio baimen hori ematea, hainbat herrialderi eragiten diotelako proiektuek: Zaragozari (Espainia) eta Nafarroari Akilesek (96.961 hektarea); Huescari, Zaragozari (Espainia) eta Nafarroari Kimerak (101.000 hektarea); eta Nafarroari, Gipuzkoari eta Arabari Pegasok (102.884 hektarea).

Ikerketarako baimenak dira enpresak eskatutakoak. Sei urte iraungo lukete, eta denbora horretan zundaketak egin ahal izanen lituzke Frontera Energy Corporationek, argitzeko lur azpian gasa ote dagoen. «Ikerketarako baimena ematea, ordea, ustiatzeko baimena ematearen pareko da», salatu du Txemi Perez de Eulatek, Lizarrako Ekologistak Martxan-eko kideak.

«Ikerketa faseko zundaketen bidez egindako putzuak gasa ustiatzeko balio du gero sarri», gaineratu du talde horretako Jesus Garijok. Horregatik, haien ustez, gasa ustiatzen hasi baino lehen bilaka daiteke mehatxua errealitate. «Haustura hidraulikoak kalte handia egiten dio ingurumenari, eta arriskutsua da gizakion osasunerako ere». Proiektuek, bertzeak bertze, Urbasari eta Lokizi eraginen lieketela esan dute hango lur azpiko urei.

Gasa lurretik ateratzeko erabiltzen diren osagai kimikoek ekartzen dute arriskua. Haustura hidraulikoaren bidez, kilometro eta erdi edo bi kilometro luze den zulo bat egiten da lurrean; hodi batzuen bitartez, ura eta harea sartzen dira lurpean batetik, eta osagai kimikoak bertzetik, arbelean txertatutako gasa aterarazteko. Nahastearen zatirik handiena urak eta hareak osatzen dute, %98 alegia; osagai kimikoak, berriz, %2 dira. «Kontua da osagai kimiko horiek hagitz toxikoak izaten direla; enpresek ez dute zehazten zeintzuk diren, baina kutsatzen dituzten putzuetan gelditzen dira», erran du Garijok.


Erantzunik ez

BERRIA harremanetan jartzen saiatu da Frontera Energy Corporation enpresako arduradunekin haiek Nafarroan abiarazi nahi dituzten proiektuei buruz galdetzeko, baina ez du erantzunik jaso. Bartzelonan, 3.000 euroko kapital sozialarekin sortutako enpresa bat da Frontera Energy Corporation. Telemarketin eta aholkularitza zerbitzuak ematen zituen enpresa gisa jaio zen. Egun, Realm enpresaren menpe dago, eta Realm, aldi berean, San Leon Energy multinazionalaren esku.

Orain arte, AEB Ameriketako Estatu Batuetan garatu dira, batez ere, haustura hidraulikoarekin lotutako proiektuak. Euskal Herrian bide motza du, oraindik ere, jarduera horrek; Araban zundaketa batzuk egitekoak dira. Nafarroako proiektuek, berriz, «ezustean» harrapatu dituztela onartu dute Lizarrako ekologistek. Proiektuon eskutik, 1996an oharkabean gertatutakoa gogora ekarri dute. Gogorarazi dute urte hartan hainbat ikerketa baimen banatu zituztela Lizarra inguruan. Orduko baimenekin lotu dituzte oraingo proiektuak.

Espainiak Lokiz eta Urederra izeneko baimenak eman zituen, metanoa bilatzeko. Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi zen baimen horren jabe. 2008an, Petroleum Oil & Gas Españari eman zion enpresa horrek baimenaren zati bat (%25). Hainbat urtez berritu eta gero, 2011n bertan behera gelditu zen baimen hori. «Pentsatzekoa da emaitzak ez zirela onak izan», erran du Garijok.

Nafarroan zenbat gas egon daitekeen jakin nahiko luke Garijok. «Uste da munduko erreserbak 6.000 milioi metro kubokoak direla; Europan, Polonia eta Frantziaren gisako herrietan pilatua dago gehiena: 180 milioi inguru; Europako gainerako herri guztiek hemezortzi milioi metro kubo gas dute, eta hor sartzen gara gu. Merezi al du?».

Garijok argi du ezetz. Haren ustez, haustura hidraulikoak ingurumenean eragiten duen kaltea ez da arrazoi bakarra; gaineratu du gasa ustiatzeko sistema horrek energia eta baliabide anitz behar duela: «Bederatzi eta 29 milioi litro ur artean. Arazo bakarra ez da ur hori kutsatuta dagoela eta zati bat lur azpian gelditzen dela; kontuan hartu behar da ura baliabide urria dela, eta sistema horrek xahutu egiten duela».

«Negozioarekin nola edo hala aurrera jarraitzeko nahia baino ez du islatzen jarduera horrek», salatu du Perez de Eulatek: «Petrolioa agortzen ari da, eta gasa edonon bilatzen dute enpresek». Gasa, hain zuzen, petrolio bilakatzen dute enpresa horiek. «Gas to liquid erraten zaio horri, eta garestiagoa da», zehaztu du Garijok.

Energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute Lizarrako ekologistek. Nafarroako Gobernuari gauza bera eskatu diote. Oraingoz, Ezkerrak egindako galdera bati erantzuteko baino ez dira mintzatu Nafarroako arduradunak; mahai gainean diren proiektuak Espainiak baimendu behar dituela baino ez dute erran. Nazioartean, eztabaida martxan da. «AEBetan ikusi da sistemak eragiten duen kaltea». Hortaz, hango ingurumen agentzia txosten bat prestatzen ari da. Europan, Frantzia haustura hidraulikoaren aurka agertu da. Europak zuzentarau komun bat egin nahi du, hain zuzen. Nafarroan, lurraren ordez, negozioa hautsi nahi dute ekologistek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario